Bilbo, Donostia, Arrasate, Lekeitio, Zaldibar, Azpeitia, Hondarribia,
Usurbil eta Errenterian ospatzen da urtero antzinako tradizioa eta,
Arrasatekoak 1351. urtean du jatorria.
San Tomas feria da
euskal lurraldean gehien espero eta ezagutzen den jaia, hain gustuko ditugun
gauzak egin ditzakegulako bertan: jan, edan eta gauzak erosi.
Gainera, batzuek Bilbon eta Donostian bakarrik
ospatzen dela uste arren, Lekeitio,
Zaldibar, Arrasate (abenduaren 22an ospatzen dituzte bertan
santa-masak), Hondarribia, Azpeitia,
Usurbil eta Errenterian ere egiten da urtero
antzinako usadioa.
Jende askok
ospatzen badu ere, askoz gutxiago dira horren jatorria ezagutzen dutenak. Hainbat
teoria daude, baina ia guztiek gauza bera dute oinarrian. Lursail asko alokairu
sistemaren bidez kudeatzen ziren garaian omen du jatorria. Maizterrek,
baserritarrek, udazkenean jasotakoaren parte bat eraman behar izaten zioten
jabeari, urteko errenta ordaintzeko. Gainera, kontuan hartu behar
da Gabonak egun gutxi geroago ospatzen direla.
Jabe gehienak
hirietan bizi ohi ziren, eta baserritarrek bidaia aprobetxatzen zuten askotan,
bide batez, euren produktuak salgai jartzeko. Hala, ohituraren lekukoa hartu
zuen tradizioak, eta bere egin zuten herri zein hirietan.
Noiz jaso ziren;
hori da beste gakoetako bat. Egile batzuek XIX. mendean kokatzen dute
jatorria, halere, Arrasateko Udalaren agiri baten arabera, Gipuzkoako
herri horretan 1351. urtetik egiten dute feria.
Garai horretan,
gainera, hiru eguneko jaia egiten zuten, baina erromeria abenduaren 22an baino
ez zuten egiten. Santa-masak abenduaren 22an ospatzen dira gaur egun bertan,
beste herri eta hirietan ez bezala.
Hala, abenduaren 21a noiz iritsiko zain geratu beharko
dugu (abenduaren 22aren zain, Arrasatera joateko asmoa baldin badaukagu) fruta,
barazki, kapoi, oilasko eta abereen ikuskizunaz gozatzeko.
Aurten, urtero legez, nekazaritzarako makina
eta tresnak, ogia, gozokiak, gazta eta eztia erosteko postuak jarriko dituzte,
baita horrelako feriatan nagusi diren jakiez (taloa eta txistorra) eta edariaz
(sagardoa) gozatzekoak ere.